Alaitz Telletxea, Maixa Lizarribar, Amaia Oreja eta Kris Solano dira AMAK. Lau izenen lehen letrarekin osatutako taldea eta, gainera, lauak amak dira. 

Beraien trikitixa eta panderoak astinduz Euskal Herriko plaza gehientsuenak zapaldu dituzten eskarmentu handiko lau musikari eta sortzaile. 90.hamarkadako trikitixaren loraldian, ordura arte oso gizonezkoena zen trikiti mundua konkistatu zuten beraien proiektuekin. Askorentzat erreferente bihurtu dira. 

Beti musika munduari lotuak egon diren arren, urte batzuetan eszenatokietatik kanpo egon ondoren, kasualitateak elkartu zituen 2018ko Oñatiko Trikitixa Jaialdian. Printzipioz zita horretarako batu ziren arren, gustura sentitu ziren eta elkartzen jarraitzea erabaki zuten.

 

AMAK ibilbidea

2019

  • Kolaborazioa: “104 ilargi bete” abestiaren bertsioa Xabi Solanoren “Bi” diskoan
  • Gabon gaua etb1-en
  • Kontzertuak: 5

2020

  • Bideoa: “Basajaun” abestiaren zuzeneko bideoa
  • Abestia: “Egiaren Arnasa” abestiaren argitalpena
  • Urmuga 2020 ekimenan parte hartzea
  • Kontzertuak: 19

2021

  • Kolaborazioa: “Baltik” abestian Iñaki Palaciosen “Baltik” diskoan
  • Abestia: “Gona gorria” abestia eta bideoklipa argitaratu
  • Diskoa: Lehen diskoa, “AMAK” argitaratu
  • Esne Beltzarekin bi kolaborazio “Sortzen” eta “Nafar Erreinua”
  • Esne Beltzarekin 4 kontzertu
  • Womex jaialdian parte hartu (Porto)
  • Kontzertuak: 36

2022

  • Txotx 2022 denboraldiaren irekiera
  • Kolaborazioa: “Nahi ibili gurekin” abestia Xabier Zabala eta Maialen Lujanbiorekin (Bizipoza)
  • Esne Beltzarekin kolaborazioa “Mapa bat baino gehiago” abestian
  • Esne Beltzarekin 4 kontzertu
  • Saria: Euskal Musika Bulegoa Saria AMAK diskoari
  • Abestia: “GU” abestia eta bideoklipa argitaratu
  • “Ura bere bidean” 2022 ekimenean parte hartu
  • “Artistas en ruta” ekimenean atzerrian hainbat kontzertu: Galizia, Katalunia, Herbehereak, Alemania eta Madrilen
  • Kontzertuak: 28

2023

  • Aitzina Folk-en barruan, Gasteizen, Alos Quartet & Lagunak emanaldian parte hartu
  • Kepa Junkerari Bilboko Arriagan egindako omenaldian parte hartu
  • Bilboko Aste Nagusian Plaza Berrian “Erromeriak” Kepa Junkeraren lanaren aurkezpenean parte hartu
  • “Ura bere bidean” 2023 ekitaldi nagusiaren aurretik mini-kontzertu berezia bandaz lagunduta eta ondoren popurria orkestarekin

AMAK gara

Alaitz Telletxea

Alaitz Telletxea (Oiartzun, Gipuzkoa, 1976). Alaitzek garbi zuen txikitatik trikitilari izan nahi zuela eta 9 urterekin hasi zen ikasten. Izan ere, musikari ugari zituen familian.

1989an Maider Zabalegi lagunarekin trikiti bikotea osatu zuen: “Alaitz eta Maider”. Orduan hasi zen 15 urte iraungo zuen ibilbide oparoa. Beraien zenbait kantu, “Txanpon baten truke” eta “Amets bat”, hala nola, Euskal Herriko festa eta tabernetan gehien dantzatu eta abestu direnetako batzuk izan dira. Hiru disko argitaratu zituzten elkarrekin: “Alaitz eta Maider” 1997an, “Inshala” 1999an eta “Auskalo” 2002an.

2004an Maiderrekin musika ibilbidea bukatu ondoren, Patxi eta Konpainia taldearekin plazetan jarraitu zuen Alaitzek. 2007an “Lantz”en parte izan zen, eskarmentu handiko musikariz osatutako folk garaikideko taldea. Euskal Herriko Trikitixa elkarteko lehendakari kargua ere izan zuen Alaitzek 2006 eta 2009 urte bitartean. 

18 urterekin hasita trikitixa klaseak ere eman izan ditu Ezpeleta, Miarritz eta Ordizi bezalako herrietan. Gaur egun, musika irakasle moduan ari da lanean.

Maixa Lizarribar (Altzo, 1971). Maixaren etxean betidanik izan dira trikiti zaleak eta berak txikitatik zuen soinua jotzen ikasteko gogoa. Hala ere, garai hartan ez zen oso ohikoa emakume trikitilariak oholtza gainean ikustea eta gurasoei kosta zitzaien bere zaletasun hori onartzea. Hala ere “erdi jostailuzko” soinu txiki bat oparitu zioten eta berarekin zuen abilezia ikustean trikitixa klaseetara apuntatu zuten.

1988an Euskal Herriko Trikitilari Txapelketara aurkeztea proposatu zioten, baina bikotea falta zuen eta irakasleak Ixiar Oreja panderojole andoaindarra aurkeztu zion. Txapelketako finalera iritsi zen lehen emakume bikotea izan ziren. Handik aurrera 11 urtez jo zuten elkarrekin “Maixa ta Ixiar” bezala. 1.150 kontzertu eman zituzten guztira eta lau disko kaleratu ere bai. “Iluntzean”, “Bexamela ta pastela”, “Emakume jaio nintzen”…bezalako abestiekin Euskal Herriko plaza asko ta asko dantzan jarri zituzten Maixa ta Ixiarrek.

2002an bakarkako disko bat plazaratu zuen Maixak “Sentitzen naiz” izenpean, jazz musikariz lagundurik. Ondorengo urteetan hainbat kolaborazio egin ditu eta trikiti- jaialdi batzuetan ere parte hartu du.

16 urterekin hasi zen trikitixa eta pandero irakasle bezala eta hala dihardu gaurdaino Loatzo Musika Eskolan eta Arrasateko Trikitixa Eskolan.

Amaia Oreja

Amaia Oreja (Andoain, 1975). Panderojole gisa ikusi izan ohi dugun arren, soinu txikiarekin hasi zen Amaia txikitatik. Txapelketetara aurkeztu izan zen bere ahizpa Ixiar (Maixa ta Ixiar) lagun hartuta eta baita irakasle bezala aritu ere.

Bere trikitixa irakaslearekin bi urtez erromeria eta ezkontzetan ibili ondoren, 90. hamarkada hasieran Joseba Iparragirre trikitilariarekin jotzen hasi zen. 1994an ordea, bikote artistikorik gabe geratu eta egoera berean zegoen Kristina Solano trikitilaria ezagutu zuen. Hor hasi zen “Kristina eta Amaia”ren ibilbidea. Hasieran, bazkari, afari eta erromeria txikiak girotzen zituzten soinu eta panderoarekin. Baina aurrerago, taldea osatu eta Euskal Herri osoan zehar hasi ziren jotzen. “M-n ezten” izena jarri zioten taldeari eta 2001ean izen bera daraman diskoa plazaratu zuten. “104 ilargi bete” goxoa eta “Beldurrak ahaztuta” ereserki feminista aurki ditzakegu bertan, besteak beste.

2004an taldearen ibilbidea bukatu bazen ere, gaurdaino zenbait emanaldi solte egiten jarraitu du Amaiak Kristinarekin.

Bestalde, urte asko daramatza trikitixaren munduan espezializatzen den Tirikitrauki musika dendan lanean. Bere egunerokotasunean ez da trikiti doinurik falta!!!

Kristina Solano (Ereñotzu, 1976). Eskusoinu handiarekin hasi zen Kristina baina laister konturatu zen berari benetan gustatzen zitzaiona trikitixa zela. 11 urterekin hasi zen ikasten eta sei urteren buruan, irakasle lanak ere burutzen zituen. Egun ere, hauxe da bere ogibidea. Trikitixa eta pandero klaseak ematen ditu zenbait herritan.

Bihotz Forkada panderojolearekin hasi zen plazetan, baina Amaia Oreja Andoaindarrarekin jardun zen 10 urtez “Kristina eta Amaia” eta “M-n Ezten” taldeetan. Disko bat kaleratu zuten 2001ean, baina erromerien gainbehera ikusita, 2004. urtean eman zuten beraien azken kontzertua Elizondon.

Urte berean, “Gaztea Maketa Lehiaketa” irabazi zuen Krisek “K.S.” bere taldearekin eta Fermin Muguruzaren “Kontrabanda Komunikazioa” Tour-ean ere parte hartu zuen.

Azken urteetan, Amaiarekin edo bere anaia Xabi Solano-rekin ikusi izan dugu oholtza gainean. Gainera, “Esne Beltza”ren eta bere anaiaren zenbait diskotan kolaboratu du ahotsa jarriz edo panderoarekin. Bestalde, 2010ean Trikitixa Elkartearen “Geure Kolkotik” bilduman, bere 3 abesti berri sartu zituen. Horien artean, “Altxorraren bila” kalejira sonatua.

Eszenatokira igotzeko grina ez da inoiz itzali Krisengan.